
2008-05-26 | 10:01:14
Zegama-Aizkorri maratoia 390 lagunek bukatu dute
Irten 467 korrikalarik egin zuten, izena emanda zeudenak baino bat gutxiagok
Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren zazpigarren ekitaldia aspaldiko gogorrenetakoa izan zen igandean, proba bukatu zuten partaideen kopuruak adieraz lezakeen modura. 390 lagunek bukatu zuten lasterketa (467tik). Kilian Jornet katalanak eta Corinne Favre frantziarrak iazko txapelak berritu dituzte. Jornetek lau orduz azpitik bukatu zuen maratoia (3:59:33), baita bigarren sailkatu zen Raul Garcia espainiarrak ere (3:59:45), bukaera estuan. Favrek 5 ordu eta 46 segundoan osatu zuen ibilbidea, azkenean jatorrizkoa izan zena, eguraldiaren baimenarekin.
2008-05-25 | 15:49:39
Kilian Jornet eta Corinne Favre nagusi Zegama-Aizkorri mendi maratoian
Lainotuta baina euririk gabe egin ahal izan dute proba korrikalariek
Kilian Jornet katalana gizonezkoetan eta Corinne Favre frantziarra emakumezkoetan izan dira azkarrenak gaur jokatu den VII. Zegama-Aizkorri mendi maratoian. Orain arteko probarik jendetsuena izan da aurtengoa, 468 korrikalari baitziren abiatzekoak. Lainoz estalita esnatu du eguna, baina azkenean, probak iraun duen bitartean, ez du euririk egin. Urtero bezala, jendetza bildu da aurten ere Aizkorriko maldetan eta Zegamako helmugan, proba ezaguna bertatik bertara ikusteko.
2008-05-14 | 12:11:09
Zegama-Aizkorri maratoian 63 goierritarrek parte hartuko dute
Guztira 468 korrikalarik dituzte dortsalak maiatzaren 25eko mendi maratoirako
Zegama-Aizkorri mendi maratoia maiatzaren 25ean jokatuko da, 42 kilometroko ohiko ibilbidean. Parte hartuko duten dortsalen zozketa otsailean burutu zuen antolakuntzak, eta zehaztu dituzte jada dortsalak. Denera 468 partaide izango dira aurtengo lasterketan, horietatik 63 goierritarrak (%13,4). Aurreko urteetan proba irabazitako atleta asko Zegamako irteeran izango dira, tartean Kilian Jornet kataluniarra eta Ricardo Mejia mexikarra. Raul Garcia espainiarra, Helmut Schiessl alemaniarra, Fulvio Dapit italiarra, Agusti Roc andorrarra... ere faboritoen artean daude.
2008-05-07 | 17:55:23
Herri eskolako patioa urte guztian egongo da zabalik, uztailetik aurrera
Herritar guztiek erabili ahalko dute eskola ordutik kanpo eta asteburuetan
Zegamako Aitxuri herri eskolako patioa uztailetik aurrera urte osoan zehar irekita edukitzeko erabakia hartu zuten apirilaren 28ko Gobernu Batzarrean. Lan batzuk egin beharko dituzte horretarako, baina behin lan horiek eginda, patiorako sarbidea irekita izango da edonorentzat, bai eskola ordutik kanpo eta baita asteburuetan ere. Horretarako hainbat lan egingo dituzte. Itsasgama SL enpresak hartuko ditu bere gain eta guztira 9.192,24 euroko aurrekontua izango dute.
2008-04-01 | 18:43:03
Eztiaren labelari buruzko hitzaldiarekin hasiko dute bihar Erlezain Eguneko egitaraua
Erlezain Eguna bera igandean ospatuko dute berriz; aurten lau erlezain omenduko dituzte
Bihar arratsaldeko zazpietan hasita, Martxel Aizpuru Giez-Berri SL eztiolako gerenteak, eztiaren labela nola lortzen den azalduko du kultur etxean. Hitzaldi horrekin emango diote aurten hasiera zegamarrek Erlezain Egunaren harira aste osorako antolatu duten egitarauari. Ostegun iluntzean Tolosako Joxe Mari Gorrotxategi gozogile famatuak gozogintzaren lehen urratsei buruz hitzaldia eman ondoren Zegamako intxaur pastak aurkeztuko dituzte. Garai batean Zegamako zenbait emakumek kanpora lanera joandakoan almendrekin pastak egiten ikasi omen zuten. Herrira etorri eta almendrarik ez zutelako intxaurrekin egiten zituzten nonbait. Orain Zegama Okindegiko Kepa Galparsorok intxaur pastak sortu ditu eta horixek dira hain zuzen ostegunean aurkeztuko direnak. Bertaratzen direnek pasta horiek dastatzeko aukera ere izango dute.
2008-03-06 | 13:10:37
Aitor Perez Arrietak Murtzian borobildu dezake denboraldi hasiera bikaina
Atzoko etapan bigarren sailkatu eta lider jarri da itzulian
Aitor Perez Arrieta (Extremadura) sasoiko dago txirrindularitza denboraldiaren hasieratik bertatik. Mallorcan 2. postuan bukatu zuen itzulia, eta Andaluzian ere aurrean ibili zen. Orain, ordea, egunetako itzuli bat irabaz dezake. Atzo Murtziako Itzuliko lider bihurtu zen, etapa gogorrenean bigarren postuan sailkatuta. Jose Luis Rubierak (Astana) irabazi zion esprint lehiatuan. Sailkapen orokorrean Perez dago lidertzan, eta denbora berera dago Rubiera. Hirugarren Kiryenka dago, 2 segundora.
2008-02-14 | 17:25:37
Aitor Perez Arrietak bigarren bukatu du Mallorkako Itzulian
Gilbert irabazlearen denbora berean sailkatu da zegamarra
Oztopoak oztopo, txirrindularitza denboraldia bikain hasi du Aitor Perez Arrieta zegamarrak. Aurreneko itzulian, Mallorkako Txallengean, bigarren postua lortu du sailkapen orokorrean, Philippe Gilbert belgikar (Francaise des Jeux) irabazlearen denbora berean.
2008-01-22 | 14:40:29
Libre utzi dute Inma Berriozabal, osasun arazoengatik
Atzo atxilotu zuen Guardia Zibilak '18/98 auziko' auzipetua, eta gaur eraman dute epailearen aurrera. Hamabi urteko espetxe zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak.
Inma Berriozabal 18/98 auziko zigortuetako kideetako bat atzo atxilotu zuen Zegaman (Gipuzkoa), gaur eraman dute epailearen aurrera, Espainiako Auzitegi Nazionalera, eta honek, epaiaren berri eman ondoren, libre utzi du, "osasun arazoengatik". Hamabi urteko espetxe zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak.
Musika
Aiegiko 'Camino de Santiago' abesbatza
LEGAZPI, Parrokian - 2008-07-05
Zinema
"El increible Hulk" filma
BEASAIN, Usurbe Antzokia - 2008-07-05
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.