Edukira joan

Goierriko Hitza

Zegama
2008ko abuztuak 21, Osteguna

;2008-05-23;KIROLA. Lehertu arte goraka

Lehertu arte goraka

Kirola Igandean, 09:00etan abiatuko dira korrikalariak Zegamatik Aizkorrira.

e. imaz -- a. apalategi

Inoizko korrikalari kopururik handiena ibiliko da Aizkorriko maldetan gora eta behera igandean. Izan ere, Zegama-Aizkorriko mendi maratoirako 468 lasterkarik eman dute izena aurten. Eguraldiak laguntzen badu urteroko jendetza eta giroa izango dira Zegama aldean.

Iaz baino lehia handiagoa izatea aurreikusten da aurtengo proban, zazpigarrena. Maila altuko lasterkari gehiago izango da. Iaz Munduko Kopako azken proba puntuagarria jokatu zen Zegaman, eta ohikoa baino beranduago egin zuten mendi maratoia, irailean. Ordurako kirolari asko indarrak ahituta edo lesioren batek jota zeuden. Aurten, ordea, proba azken urteetako egutegira itzuli da, maiatzera alegia, eta Munduko Koparen ordez Europako Txapelketa hartuko du. Proba bakarrean erabakiko dira, beraz, Europako txapeldunak, bai gizonezkoen eta bai emakumezkoen mailan.

Faborito argirik ez

Faboritoen inguruan galdetuta, Alberto Aierbe Zegama-Aizkorriko zuzendari teknikoak ezin izan du izen bakar bat eman. Gizonezkoen artean azken edizioetan irabazle izan direnak eta aurten goi mailan dabiltzan beste batzuk ere etorriko dira. Bertan izango dira, esaterako, iaz irabazi zuen Kilian Jornet katalana, Ricardo Mejia mexikarra, Raul Garcia espainiarra, Helmut Schiessl alemaniarra, Agusti Roc katalana, Fulvio Dapit eta Fabio Bonfanti italiarrak eta Fernando Etxegarai euskalduna. Aierberen ustez Jornet, Mejia, Garcia eta Schiessl-en artean egon liteke Europako txapelduna, baina besteek ere badituzte aukerak.

Emakumezkoetan ere lehia bizia espero du. Maratoia behin baino gehiagotan irabazi duen Corinne Favre frantziarra, Andorrako Stephanie Jimenez, Angela Baronchelli italiarra eta Alizia Olazabal euskalduna dira faborito.

Korrikalariekin batera milaka ikusle bilduko dira aurten ere lasterketaz gozatzeko. Antolatzaileek igandean bilduko direnei hainbat ohar eman dizkiete. Batetik, «korrikalariak gogoz animatzeko» eskatu dute, «baina enbarazurik egin gabe». Bestetik, Aizkorri parke naturala garbi mantentzen laguntzeko deia egin dute.

HITZA saria goierritarrentzat

Zegama-Aizkorri mendi maratoian parte hartuko duten 468 lagunen artean 63 izango dira goierritarrak. Beste hamaika sariren artean, GOIERRIKO HITZAk eskualdeko korrikalaririk onenak sarituko ditu. Hala, Goierriko lehen gizonezkoak eta emakumezkoak GOIERRIKO HITZA Saria jasoko dute; egurrean egindako ` hizkia.

############

Mikel Garmendia gogoratuko dute probaren hasieran

Zegama-Aizkorri maratoiaren parte-hartzailerik fidelenetakoa izan zen Mikel Garmendia. Orain arte egin diren sei probetatik bostetan parte hartu zuen, eta huts egin zuen urte hartan orkatilako minak eragotzi zion ateratzea. Antolatzaileen hitzetan, «Zegama-Aizkorri mendi maratoia maite zuen Mikelek, eta legezkoa iruditu zaigu bera oroitzea». Hori dela eta, irteerako ordua (09:00ak) baino pixka bat lehentxeago, isilunea egingo dute bere oroimenez. Dantzari batek aurreskua dantzatuko du, bertso bat irakurriko da eta lore sorta emango diote alargunari.

############

############

zegama-aizkorri mendi maratoiko datuak

Irteera-helmuga. Zegama.

Eguna. Maiatzak 25 (igandea).

Irteera ordua. 09:00.

Distantzia. 42,195 km.

- Harkaitz guneak: 4,5 km.

- Lurrezko pista: 10,5 km.

- Autoentzako pista: 2 km.

- Mendi bideak: 24,695 km.

- Asfaltoa: 0,5 km.

Tarteko helmuga. Aizkorri (22,5. km)

Gora-behera. 5.472 metro.

- Igoera: 2.736 metro.

-Jaitsiera: 2.736 metro.

Gehieneko altuera. 1.551 metro (Aitxuri).

Gutxieneko altuera. 296 metro (Zegama).

Eremu teknikoaren

portzentaia. %70.

Pasagune kontrolak. 14.

Jan-edan postuak. 14.

Eguraldiaren pronostikoa. Goizean zehar zerua lainotuta eta euri arina egiteko arriskua.

Hozberoa: 8-15 gradu.

Parte-hartzaile kopurua.

468 (inoizko kopuru handiena).

Zailtasuna. Oso handia.

Sariak. 15.000 eurotik gora.

- Lehen gizonezkoa: 1.200 euro.

- Lehen emakumezkoa: 1.200 e.

Antolakuntza. 250 laguneko lantaldea.

Denborak

Markak.

- Gizonezkoetan 3:53:18

(Rob Jebb, 2005).

- Emakumezkoetan, 4:43:04

(Angela Mudge, 2006)

Gehieneko denbora. 8 ordu.

############

############

Zegama-Aizkorri (V) ðð Bi egun besterik ez dira falta Zegama-Aizkorri maratoirako; prestaketa lanak eginda, eguraldiari begira daude antolatzaileak eta korrikalariak.

Zeruari begira

gorka azkarate

Atzerako kontaketa hasi da dagoeneko. Guztia prest daukate Zegaman, azken ñabarduraraino. Korrikalariak ere atseden hartu eta gorputzeko horniketa prozesuari buru-belarri emanak: makarroiak, arroza, eta ur tragotxoak etengabe. Alferrik da gorputza azken orduko entrenaldi saioetan nekatzea, alferrik eta kalterako besterik ez. Etxeko lanek eginak behar dute honezkero, lasterkaria igandean itxuroso moldatuko bada.

Lasterkarien sendiko, lagun, ezagun eta gainerakoek ere ondo egina dute igandeko plana, ibilbideko nork bere txoko gustukoena aukeratuz eta kasu askotan lasterketaren joanari segika, batetik bestera mugituz. Otzaurtetik lasterkariak nola igarotzen diren ikusi, esaterako, segidan Sancti Spiritura ahalik arinen abiatu eta bertan lasterkarien tropela (ordurako dexente luzatua) txalotu ondoren, Zegaman aurrenekoen ailegaera bertatik bertara jarraitu. Bada leku finkoan geratu ohi denik ere, Andraitzeko igoeran, esaterako, edo Urbian, edo Aratzen. Zale orok baitu, esan bezala, bere txoko kutunena ibilbidean zehar.

Iragan larunbatean ibilgailurik heltzen ez den ibilbideko anoa gune bakarrera ura eraman zuen Zegamako eta inguruko herrietako lagunez osaturiko boluntario talde batek: Aizkorriko gailurrera. Beste urte batzuekin alderatuz koadrilatxo polita bildu zen (bildu zuen Joxeanek, hobeto esanda) Zegamako plazan goizeko zortzietan jarritako hitzordura. Hobeto horrela, botila dexente baitziren gora garraiatu beharrekoak eta taldeak majo eskertu zuen besteetan baino bizkar gehiago bildu izana. Ur botilez gain, anoa gunea handitzeko mahai bat, irrati bidezko komunikazioa errazteko antena erraldoi bat eta beste hainbat gailu ere garraiatu zituen taldeak Portuzarretik Aizkorrira. Botilarik eraman beharrik izan ez zuenik ere egon zen, alfer fama leporatuz besteen adarjotzeak jasan beharra litro eta erdiko sei botila bizkar gainean eramatea baino astunagoa gerta zekiokeen arren. Umore ona nagusi, hala ere. Eta, bizkarra arindu orduko, Aizkorriko gailurrean egindako hamarretakoa, oparoa. Goiz pasa paregabea.

Eguraldiaren menpe

Zegama-Aizkorri maratoia antolatzen diharduen taldeak lasterketaren inguruko alderdi eta ñabardura guztiak zaindu ohi dituela esan izan dugu behin baino gehiagotan. Eta hala da, berez. Badago, ordea, euren eskumenetik kanpo geratzen den lasterketaren gaineko eragile zuzenik ere: eguraldia. Azken egunotan, diren eta ez diren informazio iturri guztiak aztertzen ari dira, nola antolatzaileak, hala lasterkariak. Gaur Egun osteko eguraldiaren tartea, sareko zenbait iturri, Euskalmet sonatua. Eta gehienek eguraldi nahasia iragartzen dute, kasurik onenean, iganderako. Badirudi urik ez dela faltako igandean, eta ez soilik pasa den larunbatean bizkarrean Aizkorrira hamaika botila eraman zituztelako. Maratoiaren aurreko sei edizioetan ez da ibilbide alternatiboa (eguraldi oso txarra egiten duenerako prestaturik dagoen zirkuitua, gailurrik garaienetara igotzen ez dena ibilbideko zatirik teknikoenak saihestuz) erabili beharrik izan, eta seinale txarra litzateke urteren batean (aurten, esaterako) erabili beharko balitz. Udaberri zoro honetan, ordea, ez da erraza igandean zer nolako giroa izango dugun asmatzea. Lasterkariei galdetuz gero, erantzuna argi legoke: eguzki, euri, zein elur, jatorrizko ibilbidea, nola bestela! Ikusiko dugu.

############

Maratoiaren aurreko sei edizioetan, ez da ibilbide alternatiboa erabili beharrik izan

############

############

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.