
Segura-Zegama errepideko lanak hasi dituzte jada
Azpiegiturak Lanen aurreneko fasean 1,8 kilometroko bide zatia zabaldu eta berrituko dute, Kortaberri pareraino.
erredakzioa
Gipuzkoako Foru Aldundiak asteazkenean hasi zituen Seguratik Zegamara bitarteko Gi-2637 errepidea hobetzeko lanak. Lanen aurreneko fasean 1,8 kilometroko zatia zabaldu eta egokituko dute. 4 milioi euroko aurrekontua beharko dute, eta lanak 12 hilabeteko epean bukatzeko asmoa dute. Gaur egun Idiazabal-Zegama errepidea berrituta dagoen gunetik, Zeraingo bidegurutzetik, hasiko dira berritzen, Segura eta Zegama arteko mugara arte (1,8 kilometro). Bigarren obra-zatiaren proiektua idazketa fasean dago.
Aurreneko 1,8 kilometroko obra bi enpresak osatutako aldi baterako elkarteak egingo du: Construcciones Donosti eta Urbanizaciones Iruña enpresen arteko UTEak.
Obran aurreikusten diren berrikuntza nagusiak, errepidea zabaldu eta hobetzeaz gain, hauexek dira: Segurako saihesbideko errotonda, Zeraingo bidegurutzekoa, handitzea; Agerre parean biribilgunea; eta Luizigainen biribilgunea.
Gi-2637 errepideko errei bakoitzak 3 metro izango ditu zabalean lanak bukatutakoan, eta albo banatan metro beteko bazterbideak atonduko dituzte. Mendiaren aldetik metro bateko ur-erretenak ere eraikiko dituzte.
Biribilgunean ere berrikuntzak
Segurako saihesbidearen bukaeran dagoen biribilgunea handitu egingo dute. 46 metroko diametrodun errotonda zabalduko dute, bi karrilekin. Agerreko eta Luizigaingo biribilguneek karril bakarra izango dute, 6 metro zabalekoa. Inguru horietan dauden bidegurutzeak ordenatzea dute helburu errotonda horiek, eta Kortaberrirako errepidea (Gi-3701) hartzeko erosoago uztea.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren Sailetik adierazi dutenez, 12 hilabeteko epea izango du enpresa-elkarteak obra bukatzeko, 4 milioi eurorekin.
Zegamaraino berrituko dute errepidea obra osoa bukatzean. Bigarren faseko proiektua idazten ari dira orain, zeregina hartu zuen Gain ingenieritza enpresan. Kortaberriko bidegurutzetik Zegamako herriguneraino hobetuko dute bigarren aldi horretan errepidea.
Hitzaldia
400 urtez aske kanpainaren barnean hitzaldia
LEGAZPI, Brinkolako saloian - 2008-10-12
Txapelketa
Mendi lasterketa
URRETXU, Areizaga-kalebarren plazatik - 2008-10-12
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.