
Zegama-Aizkorri maratoirako iritsi da egun handia
Zegama Ordu bata aldera iritsiko da gaur lehenengo lasterkaria Zegamako helmugara, 42 kilometro egin ondoren.
aimar maiz
Gaur goizeko bederatzietatik aurrera kirol ikuskizun aparta, eta gogorra, jokatuko da Aizkorriko mendizerran, Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren zazpigarren ekitaldia. 42,195 metroko distantzia mitikoa osatu beharko dute izena emanda eta dortsalen jabe diren 468 korrikalarik.
Maiatzeko datara itzulita, Europako mendi lasterketen txapelketa ere jokatuko da gaur Zegaman. Lasterketa 09:00etan puntuan hasiko da Zegamako herrigunean, eta aurrenekoa lau orduren bueltan iritsiko da helmugara.
Irten eta berehala aldapan gora ekin beharko diote kirolariek, Otzaurten (7. km) Gi-2637 errepidea gurutzatzeko. Errepidea itxi egingo dute 10:00ak bitartean, hango kontrola itxi artean. Handik Ultzamara joko dute, Beundeko bidea alde batera utzita. Atabarretatik Aratz (1.445 m) igoko dute.
Jendetza espero da ibilbidean
Urtero bezala milaka ikusle bilduko dira ibilbidean. Aratzen, Sancti Spiritun, Aizkorriko gailurrerian, eta Urbia-Andraitzen elkartu ohi da jendetza handiena, Zegamako herriguneaz gain.
San Adriango koba pasatuta topatuko dute korrikalariek bigarren zailtasun gogorrena: Aizkorri. Kilometro eta erdi luzean, baina pikoa oso. Arbelarrera jaitsi, eta Oltzeko eta Urbiako belaze samurretara pasatuko dira. Azken malda pikoa, Andraitz, izango dute zain gero (30. kilometroan).
Ibilbide alternatiboa, prest
Maratoiaren distantzia errespetatuz, baina Aratz eta Aizkorri saihestuz egingo lukete gaurko lasterketa eguraldiak hartara behartuz gero. Bi desbideratze hauek sartuko lituzkete: Allartetik Portugainera, Aratz igo beharrik gabe; eta Sancti Spiritutik zuzenean Aizkorrira hartu beharrean, koba gainetik pasatu eta Portuzarrera joko lukete, Oltzera ateratzeko.
Eguraldiaren iragarpena
Euskalmeten eguraldi iragarpenak hauxe dio gaurko: «Zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu. Noizbehinka zaparradak botako ditu eta mardulak izan daitezke. Ekaitzak izango dira, sarriago arratsaldean. Norabide aldakorreko haizea ibiliko da, suabe orokorrean, hegoaldeko ukituarekin, eta ekaitzak daudenean biziago. Tenperatura minimoak gutxi jaitsi eta maximoak zertxobait igo egingo dira».
Goi mendian zaparrada arinak botako ditu, zenbait lekutan trumoitsuak, aukera handiagorekin arratsaldean. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, hegoko ukituarekin.
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.