
Tropelaren atzealdeko saltsa
gorka azkarate
Egun handia bizi izan genuen aurreko igandean Zegaman; bezperako etengabeko euria ikusirik inor gutxik espero zuen eguraldi txukuna, eta urteroko giro paregabea. Akatsik gabeko antolakuntza eta munduko lasterkari onentsuenak irteera marran. Osagai guztiak inguruotan berdinik ez duen festa ikusgarria modu arrakastatsuan burutu zedin.
Lasterketa buruan abiadura bizian doazenen artean lehia bada ezaugarri nagusi, lasterketaren atzealdean ere ez da lehiarik falta, bestelako lehia izanagatik: norberak bere buruarekin eta lasterketak kontrol gune bakoitzean ezarritako gehienezko denborekin duen lehia. Aurtengoan lasterketaren atzealde horretan egosten dena gertutik bizitzeko hautua egin dut, HITZAko irakurleei giro berezi hori gerturatzeko asmoz.
Irteera eman, Zegamako herrian zeharreko itzulitxoa osatu eta lehenengo maldari ekin orduko, zenbait lasterkariri zaila zaio poliki-poliki luzatuz doan tropelaren erritmoa jarraitzea. Hendaiako Cristophe eta Kataluniako Estherrek, adibidez, lanak izango dituzte Otzaurteko lehenengo kontrol guneko epaileek irents ez ditzaten. Erritmoa bizia baita hasiera-hasieratik, egun txarra duenari berau jarraitzea lanak emateko modukoa. Maldan behera bizi joateko gai direla dirudi, maldan gora, ordea... Euren orpoetan 0 dortsaldun hiru deabru eramateak ere ez ditu, noski, gehiegi animatuko...
Jendetza dago oraindik Otzaurten, bertatik igaro garenean. Ondorengo kontrol guneetan giro apalagoa aurkituko dugu, baina giro beroa, apaltasun hori gorabehera. Ultzamara bidean goazela, izterrean min duen beste neska batekin egin dugu topo, eta Ultzamako anoa gunera iristen lagundu diogu, bertatik kotxez Zegamara jaits dezaten. Ultzama eta Atabarrate arteko eremuak kanporatu ditu lasterkari gehien, asko ez baitira Atabarratera gehienezko denbora baino lehenago iritsi. Penaz, dortsala entregatu beste erremediorik ez zaie geratzen korrikalari hauei, nahiz eta batzuk, lasterketa amaitze hutsak duen erakarpen indarrak itsuturik, dortsalik gabe ere aurrera egitera ausartzen diren.
Ederra da Aratzeko igoera, eguneko lehen gailur handia. Ederra bezain gogorra. Adinean sarturiko italiar baten parera heldu gara Aratzeko malda gogorrenetan, dortsaldun azken korrikalariaren parera. Lanak izango ditu honek ere Aratzeko kontrola igarotzeko. Ingelesez mintzatzen den beste korrikalari bati lasterketatik kanpo dagoela ulertarazteko lanak izan ditu Aratzeko epaileak, komeni ez zaiona ulertu nahi ez, antza, lasterkari atzerritarrak...
Sancti Spiritura ailegatu garenerako, bertan bildu den jendetza disolbatzen hasia da; Aizkorrirako igoera gogorrean ere irentsiko dugu, ziur aski, korrikalari bat baino gehiago. Isostar tragoxka pare bat, fruta eta barratxoren bat edo beste, eta Zegamatik honainokoa nirekin batera egin duten bi erratz-lasterkariak agurtu ditut. Hemendik aurrerakoa, beste bi lagunekin osatuko dut. Espero dut ez nautela Aizkorrin gora lehertuko, indarrez ni baino freskoago egongo dira ziurrenik eta!
Bigarren zatian, bukatzera
Horrelaxe bada, argazkiak atera eta atera, mantso osatu dugu Aizkorrira artekoa, denbora mugarekin jolasean dabilen beste korrikalari baten gibelean. Zumaiako Xabier aurkitu dugu gailurretik gertu, patalaldiak jota beherako bidea hartzeko pronto. Aizkorrira heltzea beti da berezi, hemen ere jendetza dexente murriztu bada ere bertara heldu garenerako. Geratzen direnek, ordea, zintzo betetzen dute falta direnen papera eta bero animatzen gaituzte.
Beste lasterkari italiar baten atzetik osatu dugu Aizkorriko gailurreria, eta denboraz ondo badoa ere, erretiratzea erabaki du Arbelarren. Dexente falta da oraindik ere helmuga marrara ailegatzeko eta indarrez juxtu antzean somatuko du, antza, bere burua. Arbelarretik Oltzarakoa eta Oltzatik Urbiarakoa, korrika txikian osatu ditugu, argazkiak atera eta ezagunak agurtzeaz ahaztu gabe, noski. Urbian ere jendetza dago, lasterketako isatsari arreta jartzera baino, sabela betetzera emanak, gehienak; baina jendetza. Andraitzeko igoeran erritmoa bizitzeko aukera izan dugu, eta egun osoan estreinakoz taupaden maiztasuna dexente gora igo dugu, erratz taldea osatzen dugun hirukotea luzatzeraino. Dortsaldun azken lasterkaria 5 minutu ingurura daramagula ohartarazi digute Andraitzen, baina ez du arazorik izango denboran sartzeko, gu ere aurreratu xamarrik baikoaz azken kilometroetan.
Itzubiagako kontrol gunean giro beroa topatu dugu urtero bezala; minduriko lasterkaririk ere ez da falta han. Dagoeneko hurbil suma daiteke Zegamako helmuga marra, eta horrek ere aurrera jarraitzera bultzatu gaitu, gure lanari errematea ematera. Itzubiagatik Moanora eta Moanotik Oazurtzara, Zegamara jaitsi aurretik. Lasterketari kilometroak irabazteko gehitutako itzuli hau gogorra egin ohi zaie lasterkariei, eta luzea egin zaigu guri ere.
Patxadaz, azken kilometroak osatu ditugu, inguruko haranen batean lehertu berri den ekaitzaren orroak bizkorrago joatera behartzen gaituen bitartean. Badirudi zortea lagun izango dugula, ordea, eta ez garela bustiko Zegamara heldu aurretik. Kanposantuko aldapa gogorra jaitsi eta Zegamako kaleetan sartzean, zirrara berezi bat sentitu dugu urtero bezala, lasterketa, erratz taldean bada ere, amaitu izanaren zirrara. Antolakuntza taldeko kideek xanpain botila eskuetan egin digute harrera helmuga marran bertan. Lasterketa amaitu dela iragartzen duten 0 dortsaldun korrikalarien sarrera ospatzekoa baita. Zazpigarren urtez, guztia borobil atera dela ospatzeak merezi baitu horrenbeste.
Erakusketa
Pintura erakusketa
URRETXU, Juan de Lizarazu erakusketa aretoa - 2008-10-12
Irteera
Mendi irteera Ataungo Txutiturrietara
BEASAIN, Aitzgorri Mendizale Elkartea - 2008-10-12
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.