Edukira joan

Goierriko Hitza

Zegama
2008ko urriak 12, Igandea

;2008-07-05;MUSIKA. Herrien arteko lotura

Musika ðð Trikizio taldeak 'Euscat' diskoa kaleratu berri du. Aurkezpena ekainaren 27an egin zuten Donostian. 13 kanta sartu dituzte bilduman, euskal kantu ezagunak katalanez abestu dituzte eta katalanak euskaraz.

Herrien arteko lotura

estitxu imaz

Euskal Herriaren eta Kataluniaren artean beti egon izan da harreman kultural estua. Harreman horretan beste urrats bat egin eta bi herrien kulturak senidetzeko helburuarekin Euscat diskoa atera du Trikiziok.

Xabier Arakama musika taldeko kideak jakitera eman duenez aspalditik zuten pentsatuta zerbait grabatzea. Arakamak harremana duela urte askotik du Kataluniarekin, txalaparta, trikitia eta beste zenbait ikastaro ematen ibilia baita. Lotura horrek modu naturalean Trikizio taldeak ere Kataluniarekin harremana izatea ekarri du. Sarritan izan dira han kontzertuak ematen. Askotan galdetzen zieten diskorik ba ote zuten, eta erantzuna ezezkoa zen beti. Orain arte. Egindako lanaren fruitua esku artean dute jada.

Arakama zegamarraren iritziz Euscat «zerbait desberdina» da. «Euskara eta katalana erabiltzen ditugu, eta diskoa baino gehiago filosofia antzeko zerbait da».

Normalean Kataluniara sarritan joaten diren arren, orain bidaia bat baino gehiago egin beharko dute hara. Gogozko tokian ordea ez dela aldaparik izaten eta pozik hartuko dute harako bidea.

Abestiak euskaraz eta katalanez daude abestuta

Diskoan agertzen diren kantuak euskaraz eta katalanez daude abestuta. Baina ez da hori berezitasun bakarra: Euskal Herrian ezagunak diren abesti euskaldunak katalanez abestu dituzte; eta alderantziz, Katalunian ezagunak direnak euskaraz.

Hori da diskoaren muina, baina bi kanturen kasuan jatorrizko hizkuntzan ere sartu nahi izan dituzte, Hertzainaken Esaiok abestia eta Lluis Llachen La Gallineta, hain zuzen. «Diskoan bertan herri bakoitzak bere ordezkaritza propioa eduki dezan egin dugu hori».

Diskoko kanta erdiak euskaldunak dira eta besteak katalanak. Ez diete batzuei besteei baino garrantzi handiagoa eman nahi izan. Diseinua ere zaindu dute alde horretatik, guztia bi hizkuntzatan idatzita baitago. «Nik uste dut lotura hori ondo islatuta geratu dela diskoan», dio Arakamak.

Kantu guztiak bukatu eta handik bi minutura Orkatz abesbatzak abestutako kantu bat dator bilduman, Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak abestiarekin. «Abesti hori sartu izana ez da kasualitatea. Hori agertzea nahi nuen, batetik ni zegamarra naizelako eta Zegamako Orkatz abesbatzak ere Kataluniarekin harreman berezia duelako. Bestetik kantu horren mezuak Kataluniarako eta Euskal Herrirako balio duelako».

Kantuen aukeraketa

Kantuak aukeratzeko garaian, azken 30 urteetan esanguratsuak izan direnekin zerrenda egin zuten. Handik egin dute aukeraketa, bai abesti euskaldunekin, baita katalanekin ere. Taldeak eurak ere izan zituzten kontuan, Su ta Gar taldetik hasi eta Mikel Laboaren abestietaraino. Gauza bera egin dute Kataluniako taldeekin ere. Inadaptats taldearen abestia zein Lluis LLachena aurki baitaitezke, besteak beste, bertan.

Aukeraketa horren helburua musika eta musikari mota desberdinei lekua egitea da. Eta bide batez entzule mota desberdinengana iristea.

Diskoa egiten gozatu arren zailtasun bat edo besterekin ere topo egin dute, batez ere katalanaren ahoskerarekin. Xabier Arakama da abestiak kantatzen dituena, baina laguntza jaso duela aitortu du. Hitzak egokitzerakoan, kantuak grabatzerakoan eta ahoskera lantzerakoan Carles Belda musikariaren babesa izan du.

Kantu katalanak euskaraz kantatzea errazago suertatu zaio zegamarrari. «Kasu horretan kantatzerakoan baino gehiago itzulpenetan dago arazoa, katalanek hitz asko jan egiten baitituzte. Horrela, mezu bera eman eta kanta bere horretan mantentzea oso zaila da. Baina tira, egin dugu eta azkenean gustura geratu gara emaitzarekin».

Aukeraketa egin ondoren kanpora geratu diren abestiekin bigarren diskorik izango ote den galdetuta, barre egin du musikari gazteak. «Egia esan burutik pasatu zaigu ideia hori, baina ez dakigu. Ikusi egin behar...».

Momentuz kontzertuetan diskoa aurkezteari ekingo diote Trikizioko kideek. Eta modu horretara bertan agertzen diren talde eta bakarlariei omenaldia egiteari, «horiei esker ari baikara gu lanean».

############

diskoa

Izenburua. 'Euscat'.

Taldea. Trikizio.

Ekoiztetxea. Baga-Biga Produkzioak.

Prezioa. 11,95 euro.

Abestiak

'M» Mercé' (Pomada).

'Jo ta ke' (Su ta Gar).

'Perque Vull' (Ovidi Montllor).

'Esaiok' (Hertzainak. Euskaraz abestuta).

'La Gallineta' (Lluis LLach. Euskaraz abestuta).

'Martxa baten lehen notak' (Mikel Laboa).

'Sarri-Sarri' (Kortatu).

'Festa Si, LLuita També' (Inadaptats).

'Caça de Bruixes' (Obrint Pas).

'El Cant Dels Maulets' (All Tall).

'Nere ametsa' (Kaxiano).

'Esaiok' (Hertzainak. Katalanez abestuta).

'La Gallineta' (LLuis Llach. Katalanez abestuta).

############

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.