
Hainbat hedabidek elkarlanean sortutako 'www.iragarkilaburrak.com' webgunea aurkeztu dute; egunero milaka bisitari eta astero 100.000 aleko zabalkundea du euskarazko iragarki laburren atariak.
Elkarlanak ehundutako ataria
erredakzioa
Euskarazko iragarki laburren atariak biltzen dituen webgunea aurkeztu zuten atzo Donostian hainbat hedabidetako arduradunek.
Ekainean, tokian tokiko hainbat herri aldizkarik, egunkarik eta agerkarik, euskarazko iragarki laburren webguneak sortu zituzten, eta orain, azken hilabeteotan proiektuarekin bat egin duten kide berriekin batera, guztiak batzen dituen webgune nagusia aurkeztu dute: www.iragarkilaburrak.com
Ehunka iragarki aurki daitezke bertan, hainbat ataletan sailkatuta, nahi dena erraz aurkitzeko bilatzaile garatuekin, eskaintzaren, prezioaren, lekuaren eta beste hainbat aldagairen arabera.
Elkarlanak sortutako sarea
EKTren baitako Bertako Hedabideek garatu dute proiektua, eta bertako zuzendari Iban Arregik aurkeztu zuen atzo webgunea, Donostiako Doka kafe antzokian egindako agerraldian.
Arregiren hitzetan, «euskarak internet bidezko iragarki laburren merkatuan ere egon behar zuen, eta hutsunea ikusita, horri ekin genion, beti ere sare zabala lortzeko modu bakarra elkarlanean aritzea zela ikusita». Ildo horretan, «aurretik herri aldizkariek eta egunkariek egindako bideari beste urrats bat gehitu nahi izan zaio orain, denak sare bakar batean bilduz». Arregiren arabera, «zenbait proiektu aurera ateratzeko elkarlana beharrezkoa da, eta hau adibide nabarmena da. Bide honi ezingo genioke ekin atzean herri aldizkariak eta elkarteak, eskualdetako egunkariak eta agerkari digitalak ez baleude. Horiek urteetan egin duten lana gabe, hau ezinezkoa litzateke».
Aurrean hainbat elkarte, aldizkari, egunkari eta hedabideetako ordezkariak zituela nabarmendu zuen hori Iban Arregik. Bertan ziren, besteak beste, Barren, Eta Kitto, kazeta.info, Goienkaria, Berria, Txintxarri, ukberri.net, Uztarria eta zazpi Hitza egunkarietako zuzendariak eta ordezkariak.
Herri komunikabideek lehendik egindako bidea
Horien artetik, Goienkaria-ko eta Berria egunkariko zuzendariek hartu zuten hitza, Eneko Azkaratek eta Martxelo Otamendik, hurrenez hurren.
Herri komunikabideek lehendik ere iragarki laburren merkatuan egindako bidea nabarmendu zuen Eneko Azkaratek. Zehazki, Goienkaria-k euskarazko iragarki laburrak bilduz eta argitaratuz zortzi urte daramatzala eta urte horietan guztietan irakurleak iragarkiak euskaraz jartzera eta ikustera ohitu direla gogoratu zuen.
Elkarlana
Hori entzunda, Berria egunkariko zuzendari Martxelo Otamendik, zoriondu egin zituen «lehen belaunaldiko, bigarren belaunaldiko eta hirugarren belaunaldiko gurasoak», eta egitasmo honen garrantzia, euskararentzat esparru berriak zabaltzeaz gain, euskarazko hogeita hiru komunikabide elkarlanean aritzeko elkartu izana dela esan zuen. «Ez dut uste gaurkoa bezalako argazkirik erakusteko gai izan garenik».
Ildo horretan, iragarki laburren azokaz haratago, etorkizunean ere elkarlanean urrats berriak egiteko beharra nabarmendu zuen.
############
aurkezpena, azken berrikuntzekin batera
Hainbat herri aldizkari, egunkari eta agerkariren iragarki laburren atari guztiak biltzen dituen www.iragarkilaburrak.com webgunea ekainean abiarazazi baldin bazuten ere, orain aurkeztu dute, proiektuarekin bat egin duten bidelagunekin eta webgunearen azken berrikuntzekin batera.
Interneteko proiektuak sortzen eta garatzen dituen EKTren baitako Ehuntzen enpresa arduratu da webgunea sortzeaz, eta ekainaz geroztik hobetu beharreko kontuak fintzeaz.
Orain, webgunea aurkeztearekin batera, erabiltzaileentzat erosoagoak izango diren bitartekoak ere gehitu dizkiote webguneari. Batetik, iragarki bakoitza mapan kokatuta ageri da, etxe bat erosi behar duenak edo saldu nahi duenak, esaterako, etxebizitza non dagoen zehaztuta izan dezan. Era berean, webgunean sartzen diren iragarki berriei buruzko abisuak jaso ditzake erabiltzaileak, aldez aurretik erregistratu eta zein ataletako iragarkien abisuak jaso nahi dituen zehaztu ondoren.
############
############
iragarki laburrak
Euskarazko iragarki laburren atariak honako atalak ditu, norbanakoen eta enpresen iragarkiekin.
Etxebizitza. Salgai, errentan eman, errentan hartu, pisua konpartitu...
Motorra. Salgai.
Garajeak. Salgai, errentan eman, errentan hartu...
Lana. Eskaerak, eskaintzak...
Irakaskuntza. Eman, hartu...
Denetarik. Salgai, galdu, aurkitu, eman, harremanak...
Bidaiak. Eskaintzak.
Helbidea
www.iragarkilaburrak.com
Lotutako atariak
Azpeitia. uztarria.iragarkilaburrak.com
Lasarte-Oria.
txintxarri.iragarkilaburrak.com
Urretxu-Zumarraga.
otamotz.iragarkilaburrak.com
Elgoibar.
elgoibarren.iragarkilaburrak.com
Soraluze.
soraluze.iragarkilaburrak.com
Behe Bidasoa.
bidasoamedia. iragarkilaburrak.com
Uribe Kosta.
ukberri. iragarkilaburrak.com
Oarso.
oarsoaldekohitza. iragarkilaburrak.com
Tolosaldea eta Leitzaldea.
tolosaldekohitza. iragarkilaburrak.com
Busturia.
busturialdekohitza. iragarkilaburrak.com
Lea-Artibai eta Mutriku.
11barri.iragarkilaburrak.com
Urola Kosta.
urola-kostakohitza. iragarkilaburrak.com
Donostia.
irutxulokohitza. iragarkilaburrak.com
Goierri.
goierrikohitza. iragarkilaburrak.com
Zumaia.
baleike.iragarkilaburrak.com
Gasteiz.
geugasteiz.iragarkilaburrak.com
Eibar.
etakitto.iragarkilaburrak.com
Larrabetzu.
larrabetzu. iragarkilaburrak.com.
Proiektuaren ezaugarriak
Atari nazionala. Euskal Herri osoko merkatua da.
Irekia eta parte-hartzailea. Edozeinek sartu ahal izango du iragarki laburra sarean, aurretik izena erregistratuz gero. Norbanakoek, gainera, doan.
Elkarlanean sortutakoa. Tokian tokiko hedabide eta elkarteekin elkarlanean sortutako merkatu erraldoia.
Papereko edizioa . Astean behin, 100.000 aleko zabalkundea, ostiraletan.
############
Erakusketa
Zeramika
ZUMARRAGA, Zelai Arizti kultur etxea - 2008-12-05
Ikastaroa
Adimen-Gimnasia ikastaroa
ORDIZIA, Ordiziako Jubilatuen egoitzan - 2008-10-14
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.