
Idiazabal jatorri izendapena duten gaztagileek 28 domina lortu dituzte Munduko Gazta Lehiaketan; Goierriko bost gaztagile daude sarituen artean; urrezko bi domina ere lortu dituzte eskualdekoek.
Idiazabal gazta munduari begira
arkaitz apalategi
Idiazabal jatorri izendapeneko gazta Euskal Herrian oso estimatua dela, gauza jakina da. Askotan nabarmendu izan dute bere kalitatea, eta gure geografian zehar jasotako sariak dira horren testigu. Baina gure mugetan ez ezik, sariak mundu mailako lehiaketa batean lortzen direnean, zer pentsatua ematen du honek; Euskal Herriko artzain eta gaztagileen lana mundu mailan ere estimatua den seinale.
Ez ditu alferrik lortu 28 domina Dublinen (Irlanda) ospatu den Munduko Gazta Lehiaketan. Idiazabal jatorri izendapena duten 18 gaztandegik lortu dituzte dominak, gazta lehiaketak zituen 62 kategoriatan. Munduan zehar dauden gazta mota ezberdin guztiak biltzeko egiten dute kategorien banaketa hau. Hala, ardi esnearekin egiten direnez gain, behi esnea edota ahuntzarena erabiltzen dutenak ere aurkitu daitezke kategoria ezberdinetan. Baita gazta egiteko moduagatik, bata bestearekiko oso ezberdinak diren gazta motak ere. Hala, Ricotta, Mascarpone, Roquefort, Gorgonzola, Cheddar, Mozzarella, Emmental eta beste mota askotako gaztak lehiatu ziren, norbera bere mailan, noski.
Euskal Herrian egindako gaztak, ardi esnearekin egindako gazta zahar eta ketuetan nabarmendu dira batez ere. Domina kopururik handiena, jatorri izendapenen bat izanda, lehendik sarituak izan diren gazten kategorian jaso zituzten Idiazabal jatorrikoek. Sei urrezko domina, zilarrezko bost eta brontzezko hiru.
Idiazabal jatorri izendapenaren barruan, Euskal Herriko bazter guztietako artzainek eta gaztagileek hartu dute parte lehiaketa horretan. Gehienak gipuzkoarrak baziren ere, nafarrak, arabarrak eta bizkaitarrak ere badaude sarituen artean. Goierritarrak ere ezin falta; eskualdeko bost gaztagile ibili dira gaztagintzaren gailurra den lehiaketa honetan.
Urrezko domina Goierriko bi gaztagilek lortu dute: Joseba Intsaustik (Ordizia) eta J. Aranburu Elkarteak (Idiazabal). Azken horrek gainera, zilarrezko beste domina bat ere jaso zuen. Baina beste hiru gaztandegik ere lortu dituzte dominak. Olaberriko Aizpea gaztandegiak zilarra eta brontzea jaso zituen. Legazpiko Makatzak eta Gabiriako Baztarrikak, berriz, zilarrezko domina bana.
############
datua
28
Domina. Idiazabal Jatorri Izendapena duten gaztagileek 28 domina jaso dituzte Dublinen (Irlanda) egindako Munduko Gazta Lehiaketan. Hauetatik zazpi domina, Goierriko gaztagileek lortu dituzte; Urrezko 2, zilarrrezko 4 eta brontzezko bat.
Goierriko gaztagileak
Idiazabal jatorri izendapena duten gazta gogorrak.
Urrea. Otatza. Joseba Intsausti (Ordizia).
Urrea. J. Aranburu Elkartea (Idiazabal).
Zilarra. Aizpea gaztandegia
(Olaberria).
Zilarra. Makatza. Pedro Gabiria (Legazpi).
Astean bi tona baino gutxiago ekoizten dituzten gaztandegietan egindako gazta gogorrak.
Zilarra. J. Aranburu Elkartea (Idiazabal).
Zilarra. Baztarrika. Amelia Jauregi (Gabiria).
Ardi gazta puruarekin egindako gazta gogorrak
Brontzea. Aizpea gaztandegia (Olaberria).
############
Ikastaroa
Garaiko produktuekin sukaldean aritzeko ikastaroa
ORDIZIA, Ordiziako Itxaropena elkartean - 2008-11-11
Ikastaroa
Gizonezkoen sukaldaritza ikastaroa
ORDIZIA, Herriko elkarte batean - 2008-11-06
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.