
Beste eredu ekonomiko bat
Itzain
Garbiñe Aranburu
Azken egun hauetan krisi hitza besterik ez dugu entzuten nonahi, eta egungo testuingurua langileen ikuspegi batetik kokatu nahiko nuke.
Oraingo krisi edo moteltze ekonomikoaren aurretik, hazkunde ekonomiko urteak izan dira. Orain, ordea, hazkunde tasa hori mantentzeko zailtasunak dituztenean, kapitalaren krisia, enpresarien krisia, guztion krisia bilakatu nahi dute.
Hazkunde ekonomikoak berez ez du zertan onuragarria izan langileentzat. Orain dela hamarkada bat, irabazi garaietan, esaten genuen lehen aldiz hurrengo belaunaldiek aurrekoek baino lan eta bizi baldintza kaskarragoak izango zituztela. Hazkunde ekonomiko hori ez delako bideratu langileen soldatak edo lan baldintzak hobetzera, gutxi batzuen poltsikoak betetzera baizik. Langileentzat lan eta gizarte eredu prekarioa izan dira nagusi.
Etengabe edozeren eta edonoren gainetik irabazi ekonomikoak metatzea helburu bakarra duen eredu kapitalistak topea jo du. Baina hazkunde eredua auzitan jarri baino, nahiago dute ereduan sakontzeko urrats berriak ematea. Hazkunde ekonomikoaren abiadura eta irabazi marjenak mantentzeko irtenbidea ez da eredu ekonomiko berdinean eta langileriaren zapalkuntzan sakontzea. Baina zoritxarrez norabide horretan eman nahiko dituzte urratsak. Lanpostuak suntsitu eta kaleratzeak emango dira langabezia handituz; soldatak moteltzeko proposamenak egingo dizkigute; lanaldia handitu eta malgutzen saiatuko dira; emakumeen prekarietatea areagotuko da; etorkinak izango dira kaltetuak aterako diren beste batzu etab. Irabaziak daudenean pribatizatu egiten dira eta galerak sozializatu egin nahi dira, hau da, irabaziak gutxi batzuentzat diren bitartean galerei denon artean aurre egitea nahi du kapitalak.
Moteltze ekonomiko edo krisialdi honen aurrean bestelako alternatibak badaude. Gakoak aberastasuna banatzeko moduan datza, eta ezin ditugu enpresarien eta instituzioen partetik proposatzen dizkiguten neurri atzerakoiak beste aukerarik egongo ez bailitzan ontzat eman.
Euskal Herriko langileontzat badago beste muga garrantzitsu bat ere, euskal herriak behar dituen politika ekonomiko eta sozialak erabaki ahal izateko eskuduntza edo ahalmenik eza. Euskal esparruaren beharraren garrantzia agerian uzten du. Langileok ezin dugu etorriko zaigunaren zain egon, mobilizazioaren indarraren bidez egungo eredu ekonomikoa auzitan jarri eta aberastasun banaketan oinarritutako bestelako eredu ekonomiko eta sozial baten alde borrokatu behar dugu, hori posible delako. Lan eta bizi baldintza duinak bermatuko dituen eredua.
Tailerra
Pentsamendu positiboari buruzko tailerrak
ORDIZIA, Ordiziako Barrena kultur etxean - 2008-11-25
Ikastaroa
Areto-dantza ikastaroa
ORDIZIA, Ordiziako Jubilatuen egoitzan - 2008-10-01
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.