
Nekazaritza bizi kalitate eta osasun arloekin lotuko du hamabostaldiak
Ordizia Produktu ekologikoen ekoizpenetik harago irakatsi nahi du Goierriko ekimenak, bisita, hitzaldi eta jardunaldiekin.
aimar maiz
Hasi da Goierriko nekazaritza ekologikoaren hamabostaldia. Urriaren 23ra bitartean produktu ekologikoak, lurraren lanketa orekatua eta gizakien bizi kalitaterako eta osasunerako arlo horrek dituen hainbat alderdi jorratuko ditu ekimen berritzaileak. Baserrietara bisitak eginez, biologoen hitzaldiak entzunez, eta nekazaritza ekologikoaren filosofia ikasiz hornituko dute hamabostaldia, urriaren 23ra bitartean.
Ordiziako Goierriko Baratza dendak eta Beasaingo Bioqiros medikuntza biologiko zentroak antolatu dute, Landarlan natur elkartearen, Goiekiren eta Ekonekazaritza erakundearen laguntzarekin. Hitzaldiek hartuko dute egitarauko zati nabarmenena, baina bertatik bertara bi baserritako lana ikusteko modua ere izango da.
«Geure burua zaindu, Lurra ere zaintzeko. Horixe da zikloaren helburua. Klima aldaketa, baso eta nekazaritza lurrak gutxitzea, animali espezieak desagertzea... planeta gaixotzen ari da, eta berarekin batera gizakia ere bai», azaldu zuen atzoko aurkezpenean Francisco Javier Masip Txisku-k.
Produktuetatik urrunago jauzi
Nekazaritza ekologikoaren printzipioak eta filosofia plazaratu nahi ditu ekimenak, produktuetan arreta jartzetik harago joanez. Bioqiroseko Igor Gutierrezek ere nekazaritza ekologikoak osasunean duen eragina azpimarratu zuen atzo. Hala, haurrak txertatzeko programaz ariko dira, edota eskoletako jangeletan eman ohi den janari motaz. Usurbilen hasitako esperientzia ekarriko dute hitzaldi batean (urriaren 23an). «Ez dugu egia osoa, baina ikuspegiak ireki nahi ditugu», dio Gutierrezek.
Bisitetarako leku guztiak hartuta daude dagoeneko. Bestetik, Ekonekazaritzaren argazki lehiaketako lanak Delikatuzen daude.
############
egitaraua
Bisitak
Urriak 18. Ogi biologikoa egiteko ikastaroa, Ariztizabal baserrian (Ezkio), Xabier Akizurekin. 10:00.
Urriak 25. Baratzea goldatu gabe lan egiten duen baserrira bisita, Zaldibiara. 10:00.
Hitzaldiak (Ordua: 19:00)
Urriak 14. 'Transgenikoak eta nekazaritza ekologikoa', Enrike Gisasola. D'elikatuzen (Ordizia).
Urriak 15. 'Nola lortu baratze/lorategi ekologikoa', Jesus Calvillo. Ataun San Gregorioko Elkargunea.
Urriak 16. 'Haurren txertoari buruz ezkutuko informazioa', Xabier Uriarte. Beasaingo udaletxean.
Urriak 20. 'Elikagai osasuntsuak: zure sendagairik onena', Javier Arozena. Ataungo udaletxean.
Urriak 22. 'Osasuna elikaduratik landuta', Maitane Velazquez. Beasaingo udaletxean.
Urriak 23. 'Eskola-jangela ekologikoak. D'elikatuzen (Ordizia).
############
Erakusketa
Eskulan erakusketa
LEGAZPI, kultur etxean - 2008-11-27
Lehiaketa
Postal eta idazlan lehiaketa
ORDIZIA, Ordiziako Urdaneta ikastetxean eta Jakintza ikastolan - 2008-11-18
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.